XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PILOTAZ

ANGELU

Omia Saindu ederra igan dugu. Hil-herrietan Aita Duhart misionestak bihotz guziak hunkitu ditu, gure zendu gaichoez mintzatuz eta gure heien ganateko eginbideak hain sarkorki aipatuz.

HALTSU

Denbora ederra ginuen joanden igandean Halsun. Bertzetan ere hala zitaken bainan segur niz ez zela orotan guk, gure plazan, bezperak ondoan ikusi ditugun pleka partidak bezalakorik. Urria eta Adrien plekariak nork ez ditu ezagutu. Ez dira gehiago ikusten Eskual-Herriko plazetan, bainan ez uste ukan pilotaren uztekotan direla eta Halsuarrek badakigu zer thalenduaren jabe diren oraino.

Hor ari ziren igandean, otsoak bezala. Halsuko plaza ttipia da bainan badauzka berekin asko choko-moko ezagutarazten baitute nun den egiazko plekaria. Eta zinez plekariak dira Adrien eta Urria, azeri zaharrak.

Ez ziren bakarrik ari lagun bana bazuten, hok gaztiak, pilotari plantakoak eta egin ahala egiten dutenak bethi.

Chilar kechu dugu baizik eta izan dela aurthengo pleka partidetan sobera azpi joko eta jukutria. Baditake nunbait zerbait baden eta Herria-ren eginbidea da erraitea nolakoa den garbia eta nun den ustela. Hitzemaiten daut zut haatik.

Chilar Jauna, ez zela deusere ustelik Halsuko plazan, igandean, oro zinez eta finki ari zirela eta arratsalde bat gochoa iragan dugula. Jaun ertora ere hor zagon so loriatua. Pentsa! Hoinbertze urthe egona han nunbeit kaskoin herrian! Zaude gurekin hola hola luzaz, Jaun ertora.

Kontent gira zutaz eta badakigu zuk ere jadanik maite gituzula eta gustatzen zirela gure artean. Segur izan zaite, Adrien, Urria eta hoien lagunek muntatzen badauzkute ardura igandean bezalako partidak, izanen duzula elizan jende eta zure Bezperak ardura ederrak izanen direla.

BAIONAN

Garmendia-Damestoy: 50 Aguer-Chubero: 45

Partida pollita.

Garmendia arizan da ontsa oihuka eta zalapartaka. Pilotan, egin du orotarik. Sobera uste izan du gure iduriz, Chubero gaztearekin jostatu behar zuela. Herabetasunez trabatu nahi izan du oihuka eta erasia, bere kontrario berria, bainan tronpatu ditake.

Damestoy ederki, adinaren pilota guzieri gogotik jarraikiz.

Aguerrek partida ona egin du. Bainan dea ez zelakotz trenpian, ala hastetik sobera lasterkatu delakotz bere lagun gaztearen sustengu, uste ginuen ondarrerat anda eta fuera usaiako oldarrean buhatuko zuela partidaron akabatzean, bainan ez da aski goiz lothu.

Jendea kontent utzi du.

Egin ditu hutsak eta ederrak, bainan hemezortzi urthetan, hastetik ukan dituen erasia eta koskakerien erdian, holako joile kalitzalen artean durduzatu gabe, egin ditu jo eta kintze ederrak.

Ezker eskuina bezenbat badu, aise dabila pilota, aire segurra, adina emendatzearekin eta bizkarra zabaltzearekin, bere burua aiparaziko du araino.

Garmendiari sartu diozka sarerat lau edo bortz kintze.

Eta Pascal gaizoak ere lanak ikusi ditu batzuetan boten oneratzen, bereziki gibelean eskuineko zokho hartan.

Eta oraino ahul aire bat izanik ere, Chuberok, jadanik ez bada, laster bere lekua bazuen oraiko edozoin trinketeko partidan.

Partida pollita, hastean Aguerrek bazuen abantil poz bat, bainan bertzek berdindu eta bethi berdintsu edo makhur ttipian joan dire.

Biba lauak, eta Adio Chubero, agian ez sekulako!

DONIBANE-LOHITZUNEN

Garmendia-Aguer: 50; Vivie-Dongait: 45

Hala holacheko partida.

Vivierek ez du jendea kontent utzi, eskalapoikeria sobera egin duela. Bainan egin ditu jo pullit batzu ere.

Dongaitz bethi berdin, besoa foltsua bezain chuchen. Garmendia eta Aguer ere arizan dira hanbatean.

Ez dute halako makhur handirik ukan.

TRINKETEKO CHAPELGOA

Hiru chapelgo hasiko dira trinketetan bertze urthetan bezala aurthen ere.

GAZTETAN ariko dira 1929 eta 1930-ean sortuak.

ARTEKOETAN, 1927 eta 1928-ean sortuak.

ADINEKOETAN, 1927-ko urthea baino lehen sortuak diren guziak.

PASAKA

Izanen dira ere pasakako partidak.

Zonbat? Sobera guti. Nik ez dakit Baigorrin, Saran, Donibane-Lohitzunen, zertako ez diran gehiago pasaka ari. Holako jokoak ez luke, gure gostuko galtzerat utzi behar.

Alo! Alo! Hea! hortik.

Chapelgo horietan parte hartu nahi dutenek igorri behar dituzte lehen bai lehen izenak, andana bakhar hogoi liberekin.

Comité de pelote du Pays Basque 5 rue Bourgneuf, Bayonne.

CHILAR